Alimentación saludable oso didaktikoa den animazio-lana da. Haurren elikadura-beharrak zehaztasunez azaltzen ditu, eta osasuntsu elikatzeko zer egin adierazten du.
Elikagai multzoek dituzten funtzioak, gorputzak funtzionatzeko elikagaien lana eta elikadura ezegokiaren ondorioak zein diren birpasatzen ditu bideoak bost minututan.
Gosarirako, jolastordurako, bazkarirako, askarirako eta afarirako zein elikagai diren gomendagarriak azaltzen du animazioak. Bestalde, arau praktikoak azaltzen ditu, ikasleek elikadura osasuntsua izateko jan behar dituzten elikagai-proportzioak ezagutzeko.
Gure kontsumo-ohiturek ingurugiroan duten eragina ez du alde batera uzten baliabide hezitzaile honek. Hiru arauak gogorarazten dizkie ikasleei: murriztu, berrerabili eta birziklatu.
Animazio-bideoa ikasgai praktikoa da, eta irakasleei laguntzeko material didaktiko ere izan daiteke, elikadura-piramidea edota elikadura-ohitura osasungarriak ikasleekin landuz gero.