Adina:
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetako ikasleak.
Baliabideko hizkuntza:
Ingelesa
Iraupena:
6 minutu.
Zer balio lantzen dituen:
Elikadura osasuntsua eta haurren gizentasuna ekiditea.
Deskribapena:
Bideo hezitzaile honek osasuntsu elikatzea eta elikagai gutxiko janari kaloriatsuak murriztea zein garrantzitsua den azaltzen die, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei.
Ingelesez, astiro eta azpititulukin, Max-en istorioa kontatzen digu animazioak. Hanburgesak, txokolatea eta patata frijituak jatea maite duen haurra da Max, guztiak “zabor-jana” deritzenak.
Amak jaki horiek jan ditzakeela esaten dio, baina noizbehinka baino ez. Elikadura janari osasuntsu eta orekatuetan oinarritu behar duela azaltzen dio: barazkiak, okelak, arrainak, etab. Esandakoek, ordea, errealitatean gertatu ohi den legez, ez dute beharreko eraginik mutikoarengan.
Amak, orduan, Ralf txakurra egokientzat jotzen duen erara elikatzeko agintzen dio Max-i. Mutikoak, zalantzarik gabe, berak jaten dituen patata frijituak eskainiko dizkio. Txakurra berehala gaixotuko da, eta lehengo energia eta alaitasuna galduko ditu.
Max-i berdin gertatuko zaio, elikadura okerraren eraginez loditu eta loditu egingo baita. Zorionez, elikadura osasuntsuari esker, Max-ek eta txakurrak galdutako osasuna eta alaitasuna berreskuratuko dituzte.
The Importance of Healthy Food Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma indartzen duen bideo didaktikoa da, ikastetxe ingelesetarako edo elebidunetarako egokia.